XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Udaberriaren azken aldera, itsas armadaren karel goradun ontzi batean itsasoratu nintzen Italiarantz; neurekin neramatzan Celer, zegoeneko ezinbesteko bihurtua zitzaidana, eta Gadarako Diotimo, esklabu-jatorriko greziar mutil gaztea, ederra mutila, Sidonen ezagutua nuena.

Itzulerako bidaia hartan, Artxipelagoan barrena joan ginen; berriro izan nuen izurdeak ur urdinetan jauzika ikusteko aukera, neure bizitzako azken aukera, noski; behatu ere egiten nuen, baina inolako aurre-zantzurik igartzeko asmorik gabe behatu gero, batzutan, atseden hartzeko, itsasontziko zubiaren gainean pausatzera etortzen ziren hegazti migratzaileen hegada luze patxadatsua; dastatu ere egiten nuen giza azalean hedatzen zen kresal- eta eguzki-usain gozo hura, bertan bizitzen gelditu nahiko nukeen baina, zoritxarrez, ukitu ere egingo ez nituela ondotxo nekien irla haietatik zetorren lurlastan eta lerrinezko lurrin hura.

Diotimok badu literatur jakintza bikain askoa, gorputzeko dohaiez hornituak diren jopu gazteei, oraindik beren balioa areagotzeko, sarritan eman ohi zaiena; ilunabarrean, txopan etzanda, purpurazko txosna txiki baten azpian, gustora egoten nintzaion adi bere herrialdeko poetak irakurtzen zizkidan bitartean, harik-eta gauak, bai giza bizitzaren zalantzatasun tragikoa deskribatzen duten lerroak, baita usoez, arrosazko koroez eta musukaturiko ahoez mintzo direnak ere, denak berdin-berdin ezabatzen zituen arte.

Gesalezko gandu heze bat zerion itsasoari; izarrak, banan-banan, zein bere leku izendatura igotzen ari; itsasontzia, haizeak zabunkatua, Mendebalderantz zihoan, non oraindik azken zerrenda gorri baten litsak ageri bait ziren; lorratz dirdaitsu bat luzatzen zen gure atzetik, laster asko, ordea, uhinen masa beltzek estaltzen zutena.

Neure buruari niotsan ezen bakarrik bi arazo garrantzizko nituela neure zain Erroman; (...).